UNICEFek Filipinetako uholdeengatik kaltetutakoei erantzuna eman nahi die
UNICEF Filipinetako Mindanao eskualdean Washi ekaitz tropikalak eragindako uholdeen ondorioz kaltetutako 43.000 haurren beharrei erantzuteko prestatzen ari da.
Kalkuluen arabera, 14.000 haur ebakuazio-zentroetan daude. Nazioarteko organismo eta agentziak jarduteko plana ari dira lantzen, lekualdatutako familien behar nagusiei erantzuteko.
UNICEF gehien larritzen dituen gaiak uraren eta saneamenduaren baldintzak, haurren osasuna eta elikadura-egoera (batez ere bost urtetik beherako haurrengan) eta ebakuazio-zentroetan eta kaltetutako komunitateetan dauden haurren babesa dira.
UNICEFek kaltetutako guneetara bidaltzeko materiala prestatu du, honako hau dute: ur-kitak (ur garbia eta segurua bermatzeko); higienerako kitak (xaboia, hortzetako eskuila eta higiene pertsonalerako artikuluak); aldi baterako aterpeak egiteko karpa eta olanak; ama eta haurrentzako A bitamina; amagandiko edoskitzeari buruzko informazioa (haurren heriotza-tasa murrizteko); eta jolasak (haurrek jolas egin eta normaltasunean egon daitezen).