Bakearen Egunerako jarduera
Gure bake-eskola
Gure eskola bera bakea eta indarkeriarik eza eraikitzeko tokia izan daitekeela ezagutzeko jarduera
Mundu osoan, eskolak eta ikastetxeak ingurune segurutzat hartzen dira, non haurrak eta nerabeak ikasi, jolastu, erlazionatu eta garatu ahal izaten diren ingurunean dituzten hainbat arriskutatik babestuta (kaleko indarkeria, ingurumen-arazoak, informazio desegokia, azpiegitura ez seguruak, ibilgailuen trafikoagatik iritsi ezin diren lekuak, osasun-arriskuak, etab.). Hezkuntza-guneak seguruak dira gure egunerokoan planteatzen ez ditugun hainbat konturengatik zerbaitek huts egiten duen arte.
Jarduera honetan, eskolako ingurune seguruen mapak sortzen hasiko gara. Hasierako hurbilketa bat da, edozein talderentzat eta ikastetxerentzat egokia, eta etorkizunean beste jarduera batzuk egiteko aukera ematen du, garrantzi handiko gai honetan gehiago sakontzeko.
Izena eman eta deskargatu PDFa ikasgelan lan egiteko txantiloiekin.
Hezitzaileentzako gida
- Indarkeriarik Ezaren eta Bakearen Eskola Eguna ospatzea (urtarrilak 30).
- Gure eskola, ikastetxea edo institutua bakea eta indarkeriarik eza eraikitzeko leku bat izan daitekeela jabetzea.
- Hezkuntza-komunitatearen barruan hausnarketa bat sustatzea eskolako leku seguruei buruz..
- Babesa, errespetua, segurtasuna eta inklusioa oinarri dituen eskola-giro bat bultzatzea.
- Ingurunea behatzea, analisia, sormena eta enpatia sustatzea, eta mapak eta eskemak diseinatuz eta sortuz kezkak eta ideiak adierazteko trebetasuna garatzen laguntzea, funtsezko konpetentziak (hizkuntzari eta komunikazioari lotuak, sozialak eta zibikoak) eta haurren eskubideak (partaidetza eta adierazpen-askatasuna, esaterako) bultzatuz.
- Eredua eskola baten marrazkiarekin, eta bake-lekuak definitzeko txartelak.
- Haurren eskubideen posterra eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen posterra.
- Materiala eskolaren marrazkia osatzeko, bertan mezuak eransteko eta dekoratzeko: papera, moldeatzeko materiala, apaingarriak, objektu birziklatuak…
- Idazketa-materiala manifestua osatu eta sinatzeko, baita koloreak edo materialak ere azken dokumentua dekoratzeko.
Ikasgelarako jarduera honetako material inprimagarria hizkuntza hauetan dago eskuragarri: euskara, gaztelania, katalana, galegoa eta valentziera.
1. Ingurune segurutzat hartuta aurkezten dugu eskola-kontzeptua
Gerra eta gatazka armatuek eragin handia dute gure ikasleengan, bakearen garrantziaz ohartarazten digute eta ikusarazi egiten digute inguruneak sortu behar direla, lekurik ematen ez diotenak indarkeriari gure helburuak lortzeko edo arazoak konpontzeko bide gisa. Hala ere, gure inguruan egunero ikus ditzakegu adin guztietako ikasleei hurbil-hurbiletik eragiten dieten indarkeriaren adibideak: tratu txarrak edo familiaren axolagabekeria, ikaskideen arteko bullyinga, ziberjazarpena, Internet eta sare sozialetako eduki kaltegarriak, polarizazioa, estremismoa eta intolerantzia, gorrotozko diskurtsoak… Gertuan ditugun horrelako indarkeriei buruzko hausnarketa bat egin beharra dago normalizatu ez daitezen.
2. Eskola bateko bake-lekuak definitzen ditugu
Eskola baten irudiaren eredu bat deskargatuko dugu, eta oinarritzat erabiliko dugu haur eta nerabeentzat eskolan seguruak diren lekuak erakusteko eta leku seguruak zergatik diren adierazteko. Parte-hartzaile bakoitzak bi edo hiru txartel jasoko ditu. Txartel horietan eskolako bake-leku bat aukeratu ahal izango du, eta horren zergatia definitu.
Asmoa hauxe da, edozein eskolarako baliagarria den hurbilketa generiko eta positibo bat egitea. Dena den, gai hau gure ingurunean ulertzeko aukera emango diguten adibide zehatzetan oinarrituko gara. Adibidez: “komunak bake-leku bat dira pribatutasuna ematen dutelako” edo “iturria leku seguru bat da edateko ura ematen duelako” edo “ikasgela bake-talde bat da errespetua dagoelako”.
Adibideak ondokoei buruzkoak izan daitezke: espazio fisikoak (komuna, eskailerak, jolastokia…), unek edo prozesuak (jolas-garaia, azterketak, ikasturte amaierako festa…) edo pertsonak edo pertsona-taldeak (ikasgelako taldea, lagunak, beste ikasturte batzuetako ikasleak…)
Txartelak eskolaren irudiaren gainean ipintzen dira (agian komeni da ilustrazioaren kopia handiagotu bat egitea, txartel guztiak jarri ahal izateko). Taldeak ekarpenak bateratzen ditu, kointzidentziak, desberdintasunak eta atentzioa ematen diguten gauzak komentatzen ditu. Ondoren, azken emaitza dekoratu eta manifestua sina dezakegu (ereduarekin batera deskarga daiteke), taldeak har ditzakeen bake-konpromisoak jasoko dituena.
Deskarga daitekeen dokumentu horretan, gainera, ereduak sartzen dira “zergatiak” batu ahal izateko eta definitu ditugun leku seguruetan kartelak jartzeko. Kartelak Bakearen Egunean jar ditzakegu, mundu seguruago eta indarkeriarik gabeko baten eraikuntzan eskolek betetzen duten zeregina aldarrikatzeko.
3. Gure manifestua idazten dugu
Deskarga daitekeen dokumentuan eredu inprimagarri bat aurkituko duzue. Bertan, zuen guztien konpromisoa adieraz dezakezue haurren eta nerabeen eskubideekiko. Manifestu hau talde osoak sina dezake; Bakearen eta Indarkeriarik Ezaren Eskola Egunean irakur daiteke eta ikusteko moduko leku batean jar daiteke ikasturtean zehar gure konpromisoak gogoratu ahal izateko.
Jarduera hau hezkuntza-maila guztietarako da egokia. Hala ere, komeni da biltzen diren gaien aurkezpena arrisku fisikoak, emozionalak eta harremanetakoak ulertu eta antzemateko talde bakoitzak duen gaitasunera egokitzea. Adina ez ezik, heldutasunak, nortasunak edo banakako edo taldeko motibazioek ere izan dezakete eragina segurtasunaren pertzepzioan. Haur Hezkuntzan oso baliagarria izan daiteke familiak jardueran inplikatzea, eskolan leku seguruak sortzen parte hartzeko haiei aukera emanez.
Jarduera honetan, gaiari buruzko sarrera bat denez, eskola generiko baten eredua erabiltzen da, eta eskola orotan egon daitezkeen bake-lekuak aurkitzera animatzen da, kasu berezirik zehaztu gabe. Hala ere, gaia garatu ahala, guk jakin gabe, gure ingurunean gertatzen ari diren arrisku- edo indarkeria-egoerekin lotutako kezka pertsonalak azaleratu daitezke. Informazio hori oso baliagarria da ikastetxearentzat, batez ere Ongizateko eta Babeseko koordinatzaile bat baldin badu eta lagun badezake lehendik ohartu ez ginen arazoei aurre egiten. Hala ere, ez da landu behar jardueran zehar, arazoa adierazi duen ikaslearen gehiegizko esposizioa saihestearren.
Jarduerak gai horretan sakontzera bultzatzen bagaitu gure eskolaren mapaketa bat egin ahal izateko, gomendioa hauxe da: Ongizate eta Babeseko koordinatzaileak jarduera zuen ikastetxearen benetako testuingurura egokitzeko aukera garatzea, ikasleen partaidetzak ekar ditzakeen arriskuak haurren eskubideen ikuspegitik kudeatuz. Aukera horri buruzko informazio gehiago lor dezakezu educacion@unicef.es helbidean.
- Zuen lana sare sozialetan hedatzen baduzue, erabili #bake-eskola eta #eskubidehezkuntza, ahalik eta jende gehienarengana iristeko.
- Egin itzazue prozesuaren eta eskolaren irudiaren argazkiak, amaitutakoan. Argazki horiek guztiek lagunduko dizuete beste batzuek zuen mapak ezagutzen eta, agian, beren mapak egitera animatzen.
- Goragoko ikasmailetan prentsa-talde bat antola dezakezue, jardunaldiaren jarraipena egiteko eta zuen blogerako post bat idazteko. Ziurtatu argazkiak ateratzen dizkieten pertsonek horretarako baimena ematen dietela.
- Zuen jardueraren irudiak www.unicef.es/educa web-orrian guk argitaratzea nahi baduzue, bidali mezu bat helbide honetara: educacion@unicef.es Gogoz hedatuko ditugu!
- Aurki itzazue ideia gehiago jarduera hau garatzeko www.unicef.es/educa/escuelapaz web-orrian.
Bakearen egun honetan, haur edo nerabe bakoitzarengandik hurbilen dagoen ingurune fisikoak eta harreman-inguruneak bakeari eta tratu onari buruz haiek duten ikuspegian duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, baita indarkeriarik gabeko mundu batean parte hartzeko eta eraikitzeko haiek duten aukeran eta jarreran ere.
Eskola —babes-ingurune eta hezitzaile gisa jarduten duenez gero— funtsezkoa da haurrak segurtasun, konfiantza eta errespetuzko giro batean gara daitezen lortzeko. Izan ere, eskola oinarri sendo bat da, bertan haurrek gaitasunak, jarrerak eta ezagutzak berenganatzen dituztelako helduarora iristean gizarteari modu produktibo, solidario eta kontziente batean lagundu ahal izateko.
Helburuak
- Eskola ingurune segurutzat hartzea eta eskolan babeserako eskubidea aldarrikatu ahal izatea.
- Ulertzea bakea ez dela “gerrarik eza” eta ohartzea alderdi ugari biltzen dituela: emozioei, harremanei, segurtasun fisiko eta pertsonalari, ongizateari eta eskubideetarako sarbideari lotutakoak.
- Gure segurtasun-sentsazioan eragina duten emozioak adierazten eta eguneroko arazoei konfiantzaz eta modu baketsu batean aurre egiteko dugun gaitasunean laguntzea.
Ezagutzak
- Zer den segurtasuna, bakea eta tratu ona nagusi diren ingurune bat eta zer faktorek definitzen duten.
- Zer diren segurtasuna, bakea eta tratu ona nagusi diren harremanak eta nola eraiki ditzakegun.
- Zer diren segurtasuna, bakea eta tratu ona garatzeko prozesuak, uneak eta egiturak eta nola parte har dezakegun haietan.
Jarrerak
- Jabetzea tratu ona, segurtasuna eta konfiantza bakearen alderdi oso garrantzitsuak direla.
- Enpatia eta gaitasuna erakustea besteen segurtasun- eta bake-premiak eta gureak aitortzeko.
Gaitasunak
- Emozioak adierazteko.
- Partekatzen ditugun premiak eta beste pertsona edo talde batzuen premia bereziak aitortzeko.
- Taldean lan egiteko.
- Adierazpen plastikoaz eta bisualaz baliatzeko.
- Haurrek eta nerabeek parte hartzeko eta eragiten dieten gaietan iritzia emateko duten eskubidea.
- Hezkuntzarako eta ingurune seguru batean garatzeko eskubidea.
- Garapenerako eskubidea eta haur bakoitzak bere potentzial gorena lor dezan bizitzan.
- Garapen Jasangarrirako Helburuak, batez ere 16. GJH: “Gizarte bidezkoak, bakezaleak eta inklusiboak sustatzea”
Ikasgelarako material didaktikoa
Deskargatu PDFa ikastetxeko mapa eta bere modulu osagarriekin, espazioak, taldeak eta bake uneak deskribatzeko txartelak, zure zentroko espazio seguruak adierazteko kartel txantiloia eta manifestua.
Lortu formulario hau betez
*Zergatik eskatzen dugu informazio hau?
Informazio honek gure lana hobetzen laguntzen digu:
- Zure zentroari buruzko harremanetarako informazioak laguntza emateko aukera ematen digu, behar izanez gero.
- Jardueraren datuek umeei zein gairi dagozkien jakiten eta gure proposamenak bideratzen laguntzen digute.
Eskerrik asko!