127 milioi gazte eta nerabek ez dakite idazten eta irakurtzen

Azken 20 urteetan, nerabeek hezkuntza eta osasun publikoko sistemetan lorturiko hobekuntzen onurak jaso dituzte. Baina horietatik milioi bat urtero hil egiten da eta hamarka milioi hezkuntza sistemetatik kanpora geratzen dira. Mundu osoan 127 milioi gazte eta nerabe inguruk ez dakite idazten eta irakurtzen. UNICEFek nerabeen inguruan argitaratu duen txosten berrian agerturiko datuak dira.

Un informe sobre los adolescentes ikerketaren arabera, Sahara hegoaldeko Afrika da nerabeentzako bizitzeko tokirik zailena. Eskualdeko biztanle kopuruak gora egiten jarraitzen du eta 2050. urterako munduko nerabe kopururik handiena batuko duela uste da. Baina eskualde honetan, soilik haurren erdiak bukatzen du Lehen Hezkuntza eta gazteen lan-tasa baxua da.

Munduan bizi diren 1.200 milioi nerabeen artean aurrerapenen onuren banaketa desberdinaren ondorio larriak ere argi ikusten dira. "Pobreziari, gizarte mailari, generoari edota minusbaliotasunari loturiko desabantailek milioika nerabek dituzten eskubideen gauzatzea eragotzen dute, hala nola kalitatezko hezkuntza jasotzeko, osasunerako eta parte hartzeko eskubideak", adierazi zuen UNICEFen Zuzendari Exekutiboaren Ondorengoa den Geeta Rao Gupta-k.

GERO ETA arrisku handiagoa INDARKERIAREN aurrean

Txostenak, nerabeen bizitzako eta ongizateko arlo guztietan inbertsioa gehitzearen beharra azpimarratzen du, biziraupenaren aldeko beraien borroka barne. Urtero 1,4 milioi nerabe hiltzen dira trafiko istripuen ondorioz, erditzean izandako arazoen ondorioz, suizidioen, HIESaren, indarkeriaren eta beste zenbait kausen ondorioz.

Latinoamerikako zenbait herrialdetan, nerabeak trafiko istripuen edota suizidioen ondorioz baino gehiago erailketen ondorioz hiltzen dira. Afrikan, haurdunaldian eta erditzean izandako arazoak dira 15 eta 19 urte bitarteko nerabeen heriotzen kausa nagusiak.

Nerabezarora heltzen diren haurrek,indarkeriaren aurrean arrisku handiagoa dute. Neska nerabeak bereziki kalteberak dira senarraren indarkeraren aurrean. Kongoko Errepublika Demokratikoanegindako inkesta batean, ezkonduta dauden 15 eta 19 urte bitarteko nesken %70ak, beraien senarraren edota lehenagoko bikotekide batengandik indarkeria jasan zutela adierazi zuten.

71 MILIOI HAUR EZ DOAZ ESKOLARA 

Mundu mailan, lehen hezkuntzara joateko adina duten haurren %90a Lehen Hezkuntzako eskolan matrikulatuta daude. Baina Bigarren Hezkuntzan matrikulazioak baxua izaten jarraitzen du, Afrika eta Asian batez ere. Bigarren Hezkuntzan egoteko adina duten ikasle askok oraindik Lehen Hezkuntzan jarraitzen dute. Eskualde guztiak aztertuta, Sahara hegoaldeko Afrikan aurkitzen ditugu Bigarren Hezkuntzari dagozkion adierazlerik okerrenak.

Bigarren Hezkuntza hasteko adina duten 71 milioi haur inguru ez doaz eskolara eta 15 eta 24 urte bitarteko 127 milioi nerabe analfabetoak dira, gehienak Asia hegoaldean eta Sahara hegoaldeko Afrikan aurkitzen direlarik.

Txostenak zera adierazten du: nerabe guztien eskubideak errealitate bilakatu ahal izateko, politika, programa eta sustapen arloan ahalegin garrantzitsuak bultzatzea beharrezkoa dela.Nerabezaroa bizitzako sasoi kritikoa da eta inbertsio egokia egiten bada, pobreziaren gurpil zoroarekin amaitu daiteke eta nerabeentzako, beraien erkidego zein nazioentzako onura sozialak, ekonomikoak eta politikoak lortu ahal izango dira.