Afganistan: emakume eta haurren ongizatean, hezkuntzan eta osasunean aurrerapenak
Afganistan-go emakume eta haurren osasuna, hezkuntza eta ongizateak hobekuntza garrantzitsua izan dute, Adierazle Aniztun Inkesta Sektorialaren arabera (MICS, ingelesezko bere siglak), Estatistiken Erakunde Nagusiak (CSO) gaur argitaratu duena. Afganiar ugarik ur edangarria eskuragarriago dute, haurrak eskolara gehiago joaten dira eta haurren heriotza murriztu egin da.
Afganistan-go MICS inkesta CSO erakundeak burutu du UNICEFen laguntzarekin eta herrialdeko emakume eta haurren egoera ebaluatzea ahalbidetzen duen adierazle multzoaren inguruko datuak eskaintzen ditu, hala nola haurren heriotza, nutrizioa, haurren osasuna, ur eta saneamendua, ugaltze-osasuna, haurren garapena, hezkuntza, haurren babesa eta GIB/HIESa. Datuak herrialdeko 34 probintzietan bildu dira.
“AMICS (Afganistan-go MICS), Gobernuak hitz emandako helburuen lorpenean aurrerapenak izaten jarraitzeko ahaleginaren barne aurkitzen da, hala nola Milurteko Garapenerako Helburuak", adierazi du Abdul Rahman Ghafoori-k, CSOko Presidente nagusiak.
haurren babesaren arloan kezka
Arlo askotan aurrerapenak geldoagoak izan dira, adibidez emakumeen alfabetatzean, txertaketaren estalduran, haurdunaldiko arretak eta hezkuntzan genero berdintasunean. Haurren babesaren arloan izandako aurkikuntza garrantzitsu batzuk, ondokoak izan dira: herrialdean oraindik haurren lana egotea, umezurtzak eskolara gutxi joaten direla eta haurren aurkako indarkeriaren tasa altuak, diziplina inposatzeko jarritako zigor fisiko larriak barne.
Txostenean aurki daitezkeen sektore guztien artean, desberdintasun nagusiak inkestatzaileen prestakuntzaren ondorioz gertatzen dira. Hiri eta landa guneen arteko desberdintasunak handiak dira, etxeetako eta eskualdeetako estatus sozio-ekonomiko desberdinen artean baita ere. Sistematikoki, emakumeen hezkuntza maila beste adierazleen iragarle fidagarria bilakatu da. Honela, emakumearen heziketa mailak gora egiten duen heinean, adierazle gehienen emaitzak hobeak dira. Adibidez, haurren heriotza askoz ere baxuagoa da heziketa jaso duten emakumeen artean, heziketarik gabeko emakumeekin alderatuz.
“AMICS txostenaren ondorioek, Afganistan-go emakume eta haurren osasuna eta ongizatea hobetzeko askoz gehiago lan egin behar dela adierazten dute, Milurteko Helburuak garaiz bete nahi baditugu behintzat", esan du Peter Crowley-k, UNICEFek Afganistan-en duen Ordezkariak. “Datu hauek kontuan hartzen baditugu, gure erantzun humanitariorako zein garapenerako esku-hartzeak hobeto planifikatu ahal izango ditugu, desberdintasun larrienei aurre egin ahal izateko".