Filipinak: Gabonak ebakuazio zentroetan

Washi ekaitz tropikala Filipinetako hegoaldetik pasatzean sorturiko uholdeen eraginak pairatu dituztenen artean gehien pairatu dutenetariko bat Iligan hiria izan da. Hondamendi honetatik bizirik ateratzea lortu duten biztanleek ez daukate Gabonetako eta Urte bukaerako ospakizunetaz pentsatzeko aukerarik.

   

“dena galdu dugu”

30 urteko Anita Tingas-ek lau seme-alaba ditu eta Iligan hiriko ebakuazio zentroan dago; bertan, uholdeen ondorioz bizi izandako izuaz hitz egiten du.

Bere etxea korronteak eraman zuen; bera eta bere seme–alabek (denak 8 urte baino gutxiagokoak), solairu bi duen auzoko etxe baten teilatura igoz salbatzea lortu zuten;eta handik erreskatatu zituzten.

“Dena galdu genuen”, dio, “gure ondasun guztiak, etxetresna elektrikoak, arropa, haurren eskolarako materiala eta liburuak.Etxea deitu ahal diogun tokirik ez dugu. Ez dakigu zer egin.”

Hondamendiaren eragina pairatu duten herri gehienak ur horniketarik gabe geratu dira. Ebakuazio zentro askok ez dute urik, ezta argirik edo saneamendu instalazio egokirik; ondorioz, haurrek uraren bitartez transmititzen diren gaixotasunak harrapatzeko arrisku handiagoa dute.

gabonak ebakuazio zentroan

Bizitako kezka eta hondamendiaren gainetik, Iligan hiriko Santa Filomena-ko ebakuazio Zentroko zenbait haurrek jolastu egin ahal izan dute eta lagunak egin dituzte. Horien artean 15 urteko Aileen, 10 urteko Eliza eta 11 urteko Vicristian aurkitzen dira.

Vicristian-ek mango zuhaitz batetara igota salbatu zuen bizia; bertan zazpi orduz egon zen, erreskatatzera etorri ziren arte. Ekaitzaren ondoren, Aileen-ek bere etxera itzuli ahal izan zuen baina, bertara iristean, etxearen zatirik handiena desagerturik zegoela ikusi zuen.

Vicristian eta Eliza-k Gabonetarako desio bera dute: etxe berri batean bizitzea. Aileen-ek ere desio hori badu, baina berarentzat Gabonetako oparirik zoragarriena bera eta bere gurasoak bizirik egotea da, gertaturikoa kontuan izanda.

Babes eta laguntza gehiagorekin, haur hauek eta egoera berdinean dauden beste hainbestek, urte berria indar eta esperantzarekin hasi ahal izango dute.

unicef-en erantzuna

Manila eta Cotabora-tik, eskualderik kaltetuenetara larrialdietarako hornigaiak bidali ditu UNICEFek. Hornigaien artean, ondokoak aurkitzen dira: ura edangarri bihurtzeko pastillak, komunak, ur bidoiak, higienerako tresneria, eskolarako kit-ak, olanak etakanpin-dendak, eta haurren birgaitze psikosozialean lagunduko duten jolaserako tresnak.

Horretaz gain, UNICEFek bere aliatuekin lanean diharduebakuazio zentroetan amagandiko edoskitzea modu seguruan gauzatu ahal izateko guneak sortzeko,  elikagai osagarria hornitzeko eta haurren artean desnutrizioa akutua antzematea ahalbidetuko duen jarraipena egiteko. Gainera, irakasleak prestaketa jasotzen ari dira haurrei laguntza psikosoziala eman ahal diezaieten, horrela esperientzia beldurgarri horiek gainditzen lagundu ahal dietelarik.

UNICEFk bere arreta uholdeen eragina pairatzen duten 200.000 haurrengan finkatzen du, baita ebakuazio zentroetan aurkitzen diren 20.000 haurrengan ere.

Ekaitzaren eraginak pairatzen dituzten familiei lagundu ahal izateko, erakundeak 4,2 milioi dolar lortzeko deialdia luzatu du. Funts horiek, ur, saneamendu, osasun eta haurren babes arloan erabiliko dira.