Klima-aldaketaren eraginak haurrengan
UNICEFen Las vulnerabilidades de los niños al cambio climático y los impactos de los desastres en Asia Oriental y Pacífico txostenaren arabera, haurrak dira klima-aldaketak gehien eragiten dituen herritar-taldeetako bat.
Milioika haurrek edateko ura lortzeko eta behar bezalako saneamendua izateko zailtasunak dituzte Asia Ekialdean eta Ozeano Barean. Beraz,elikagai-krisien ondorioak pairatu eta gaixotasunak harrapatzeko arriskuan daude. Txostenaren arabera, klima-aldaketak beren egoera okertzea baino ez du eragingo.
Mundu osoan haurren heriotza-tasaren kausa nagusiek klima-aldaketaren eraginak jasateko arriskua dute.Tenperatura igoerak desnutrizioa, kolera eta sabeleko gaixotasunak areagotzea, baita denge eta malaria moduko gaixotasunak areagotzea ere, eragiten du.
UNICEFek aurkeztu duen txostenak klima-aldaketaren joerak aztertzen ditu eta horiek Asia Ekialde eta Ozeano Bareko haurrengan izan ditzakeen eraginak. Txostenak UNICEFek Indonesia, Kiribati, Mongolia, Filipinak eta Vanuatu herrialdeetan egindako bost ikerketa ditu oinarri. Halaber, haurrek klima-aldaketari buruz dituzten iritziak eta bestelako ikerketak ere jasotzen ditu.
haurrak klima aldaketaren aurrean
Eskualde honetan, lau haurretik batek hazteko arazoak ditu elikadura egokia ez izateagatik, eta txostenak iradokitzen duen moduan, ohiko hondamendiek (uholdeek, zikloiek eta lehorteek) eragin kaltegarria izan dezakete nekazaritzan eta, beraz, elikagaien prezioak igo eta desnutrizio-tasak ere areagotu daitezke.
Indonesia, Mongolia eta Ozeano Bareko haurrek adierazi zutenez, klima-aldaketak beren familiek bizirauteko bitartekoetan eragiten du eta, kasu batzuetan, gurasoek haurrak ikastetxetik ateratzen dituzte ura eta erregaiak biltzen laguntzeko eta, horrela, familientzako irabazi gehiago lortzeko.
“Haurrak hondamendietara egokitu eta murrizteko estrategietan barne hartzea ezinbestekoa da aurrera egiteko. Haurrek beren ingurunearen ikuspegi bakarra dute eta, beraz, berebiziko eragileak dira klima-aldaketaren arriskuei aurre egiteko komunitatearen gaitasuna hobetzeko”, adierazi zuen Anupama Rao Singh-ek, Asia Ekialde eta Ozeano Bareko UNICEFen Zuzendariak.
“Klima-aldaketak haurren bizitza eta ongizatearengan dituen eraginak benetakoak dira eta orain hartzen diren politika eta erabakiek adieraziko dute datozen urteetako ibilbidea”, gaineratu zuen Rao Singh-ek.