Migrazio krisia: biolentziatik ihesi Mazedonia zeharkatzen duten emakume eta haurren kopurua hirukoiztu da

Europako migrazio-krisia gero eta larriagoa da. Horrela erakusten dute datuek: Mazedonia herrialdea zeharkatzen duten emakume eta haur kopurua hirukoiztu egin da azkenengo hiru hilabeteetan, euren jatorrizko herrialdeetako biolentziatik ihesi asilo bila joanik. 

3.000 pertsona inguruk egunero Mazedonia zeharkatzen dutela uste da, Europar Batasunera asilo eske heltzeko helburuarekin. Berauetatik, %30 emakume eta umeakdira. Horrez gain, %12 inguru haurdun dauden emakumeak dira.

Familiek eguzkipean bidaiatzen hilabeteak daramatzate, aldean daramaten arropa soilik eramanez. Askotan oso nekatuta dauden ume oso txikiekin lekualdatzen dira eta atseden hartzen toki seguruak behar dituzte. Deshidratazioa, babak, hotzeriak, beheranzkoak eta eguzkiaren ondoriozko erredurak dira euren bidaia-lagun naguasienak.

MIGRAZIO-KRISIA EUROPAN: PERTSONEN %80 SIRIATIK DATOR

Pertsona hauek euren jatorrizko herrialdeetatik alde egitera behartuak izan dira, segurtasun eza eta indarkeria direla eta. Pertsona hauen %80 Siriako guda zibiletik alde egin nahiean dabil, %5 Afganistangoak dira eta beste %5 Irakekoak.

Ekainatik, Greziatik iritsi diren 52.000 pertsona baino gehiagok izena eman dute Gevgelijako Harrera Zentroan. Bestalde, asko Mazedoniatik dabiltza erregistratu barik. Bidaia luze hau oso eragin traumatikoak izaten ari da eta askok osasun-laguntza behar dute. Erakundeak buru-belarri lanean dabiltza ura eta saneamendua eskaintzeko, beharrizan larrienetako bi baitira.

Hori dela eta, UNICEFetik 30.000 litroko edukiera duten ur-biltegiak bidaltzen ari gara, bertara ailegatzen diren pertsonek ur edangarria izan dezaten eta garbitzeko baliagarria. 

MIGRAZIO-KRISIA EUROPAN: DENAREN GAINETIK, HAURREN ESKUBIDEAK BABESTU

Horrez gain, 72 metro karratuko bi karpa ere bidaliko ditugu umeak ikasi eta jolasteko erabil ditzaten. Gaur egun, badaukagu horrelako karpa bat jada jarrita eta, abuztuaren 23an ezarri zenetik, 1.200 ume jaso dira bertan. Gainera, umeek behar dituzten elikagaiak ere banatzen ari gara.  

UNICEFetik gogorarazi nahi dugu Europan zehar desplazatzen ari diren haurrek babes eta laguntza jaso beharko luketela. Errefuxiatu estatusa eskatzen dutenean, euren eskakizuna mugetan lehenbailehen kudeatu beharko litzateke. Europako gobernuek uneoro ezarri beharko lituzkete haurren eskubideak babesten dituzten legeak. Haurraren interes gorena kontutan izan behar da bideko momentu guztietan.