Zikloia Vanuatun: 60.000 haur inguruk behar du berehalako laguntza Pam pasa ostean
“Vanuatuko 60.000 haur ingururi eragin die ezbeharrak”, esan zuen Isabelle Austein UNICEF Pazifikoko ordezkariaren ondokoak. “Bereziki arduratuta gaude beraien osasunagatik, elikaduragatik, segurtasunagatik, eskolaratzeagatik eta azkar suspertu ahal izateagatik”.
5 kategoria izan zuen ostiral gauean iritsi zen ekaitzak, eta larunbat goizeko lehen orduak arte iraun zuen; horrek arrisku egoeran utzi zituen haurrak.
“Mundua bukatu behar zela zirudien”, esan zuen Alice Clements-ek, ekaitza sartu zenean Port Vila hiriburuan zegoen UNICEFeko langileak. “Haizea ikaragarri bortitza zen, sabaiak erautsi eta etxeak suntsitzen zituen, eta eskolak eta ospitaleak hondatu zituen. Kontaezinak dira ekaitzak astindu dituen etxeak; areago, komunitate asko lurreratzeko zorian gelditu dira”.
Eten egin dira ur edangarria lortzeko eta saneamendura heltzeko aukerak Vanuatuko leku askotan, baita ebakuazio tokietan ere; horrek, gainera, areagotu ditzake uraren bitartez kutsatzen diren gaixotasunak. UNICEF Gobernua laguntzen ari da, aliatuekin elkarlanean, ondorengo gaiak lortzeko: ura, ura edangarria egiteko pastillak, xaboia eta behin behineko komunak.
UNICEF aztertzen ari da azpiegiturek eta ezinbesteko zerbitzuek jasan dituzten kalteak. Izan ere, zikloiak hondatu ditu haur-eskola eta ikastetxe asko; eraikin horietako asko, ezinbestean, ebakuazio zentro bihurtu dituzte. Ondorioz, gutxienez 70.000 haurrek eten behar izan dituzte euren ikasketak.UNICEF HAUR ETA FAMILIEI BABESA EMATEN ARI DA
Haurrei laguntza, hezkuntza eta osasun zerbitzuak eskainiz ari da UNICEF ebakuazio zentroetan daudenei babesa ematen.
Bestalde, elgorria ekiditeko kanpaina ari da koordinatzen UNICEF, Vanuatuko Osasun Ministerioarekin eta Osasunaren Mundu Erakundearekin batera. Izan ere, martxoa hasieran elgorri agerraldi bat egon zen, eta txertoa jaso dutenen tasa oso baxua da herrialdean. UNICEFen lantaldea ari da bakunak gordetzeko hozkailuak martxan jartzen, dauden erregai erreserbekin; horrela, haurrei emango zaizkie bizitza salbatuko dieten txertoak.
Horrez gain, Tuvalu eta Salomon irletako komunitateei laguntza ematen ari da UNICEF, han ere hondamendiak egon baitira.
Larrialdi honetan lagun dezakezu gure Larrialdi Funtsaren bidez.