Jolasa: Nola sentitzen da?
Jolasa: Nola sentitzen da?
Bilatu adierazitako emozioa duen pertsona pantaila bakoitzean!
Haur Hezkuntzan emozioak identifikatzen eta giro atseginak eraikitzen ikasteko jolasa.
Jolas honetan, emozioak identifikatzeko eta horiei buruz hitz egiteko aukera ematen duten irudiekin lan egingo dugu, gatazka pertsonal edo kolektiboko egoeretan izaten ditugun erreakzioekin lotuta. Besteei gertatzen zaienaz hitz egitea lehenengo urratsa da (edo ispilua) guri gertatzen zaigunaz hitz egin ahal izateko. Helburua da emozioak ondo ezagutzea, baliozkotzea eta modu osasuntsu batean kudeatzen ikastea, norberaren zein taldearen bakearen alde lan eginez.
Zerikusia duten haurren eskubideak:
- Indarkeriaren aurrean babesteko eskubidea
- Parte hartzeko eta adierazpen askatasunerako eskubidea
- Osasun eskubidea
Nola jolasten da?
Jokoaren gakoa irakasleak iragartzen duen emozioari dagokion irudia aurkitzea da (pantaila bakoitzean agertzen den galderan adierazita): haserrea, tristura, beldurra, mina, poza edo lasaitasuna. Irudi zuzena beste emozio batzuen artean dago.
Galderak letra larriz idatzita daude, ikasleekin irakurketa lantzeko aukera emateko.
Taldearen eta unearen arabera, pantaila guztiak edo gutxi batzuk ikus daitezke bakarrik. Gauzarik garrantzitsuena jolasaren ondoren hausnarketa bat egiteko denbora izatea da, nahiz eta bi edo hiru emoziori buruz baino ez izan.
Jolastu ondoren
Asmoa da, behin jolasa amaituta, pantaila bakoitzean nabarmendutako emozioei buruz hitz egitea. Pantaila berriro proiektatu eta honako galdera hauek egin ahal ditugu:
- Nola jakin duzue irudiak emozio hori irudikatzen zuela?
- Zuen ustez, zer gertatuko zitzaion argazkiko pertsonaiari modu horretan sentitzeko?
- Zer esango zeniokete?
Pixkanaka, eremu hurbilago batera eramango ditugu, haurrek eguneroko bizitzan emozioei buruz hitz egin eta alderdi praktikoak jorratu ditzaten. Baina, betiere, parte-hartzaileek beren emozioak edo beste batzuenak gehiegi erakustea edo intimoak izan daitezkeen gaiei buruz hitz egitea saihestu behar dugu; izan ere, kasu horiek modu pribatuan lantzea da onena.
- Emozio guztiak gustatzen zaizkizue?
- Emozio batzuk besteak baino gehiago gustatzen zaizkizue? Zergatik?
- Zein gustatzen zaizue gehien? Zein gutxien? Zer egin dezakegu gustatzen ez zaizkizuen emozioekin?
Garapenaren etapa honetan, haurrek oraindik ez dute denborarik izan ongiaren eta gaizkiaren ikuspegi objektiboa garatzeko, eta, askotan, beren ikuspegi subjektiboa izaten dute: "ona da ondo sentiarazten nauena", "txarra da gaizki sentiarazten nauena". Haur Hezkuntzan dauden bitartean, garrantzitsua da pixkanaka enpatia eta ikuspegi objektiboagoa garatu ahal izatea:
- "Negatibo" deitzen ditugun emozioak (haserrea, tristura, beldurra...) ez dira berez txarrak: zerbait gustatzen ez zaigulako sentitzen gara horrela, eta entzun egin behar ditugu, konfiantzazko norbaitekin partekatu eta sortzen dituen arazoak konpondu.
- "Positiboak" deitzen ditugun emozioak (poza, lasaitasuna...) atseginak dira, baina batzuetan ez dira egokiak, adibidez: norbaitek arazo bat kontatzen badigu eta barre egiten badugu, edo norbait oso kezkatuta ikusten badugu eta kasurik egiten ez badiogu.
- Jende onak emozio "negatiboak" izan ditzake: denak haserretzen gara edo triste egoten gara batzuetan, horrek ez gaitu pertsona txarrak bihurtzen. Garrantzitsuena da besteei minik egin gabe jokatzen jakitea, nahiz eta gaizki sentitu.
- Gure emozioak eta beste pertsona batzuenak ulertzea oso garrantzitsua da eta bizikidetza hobetu, indarkeria prebenitu eta gure ingurunean bakean bizitzen laguntzen digu.
Hitz gakoak:
Konfiantza, enpatia, emozioak, autokonfiantza, babesa, antzekotasunak eta desberdintasunak, autokontrola, laguntza
Zuzenduta: Haur Hezkuntza
Editaia: UNICEF Espainia, 2023eko abendua
Edukiak eta produkzioa: Eduxarxa, SCCL
Beste hizkuntzatan eskuragai: CAT | EUS | GAL | VAL
Genially-n eskuragai: CAT | EUS | GAL | VAL
Ezagutu bakeari eta indarkeriarik ezari buruzko baliabide interaktibo gehiago
MDSA2030/NextGenUE/PRTR - DSA/1110/2022 araua, azaroak 17 – Hirugarren Sektorearen Modernizazioa- Exp. 77/22 finantziazioa jaso duen proiektuaren parte dira hezkuntza-baliabideak.
Haurrak gara!
Haurren Munduko Eguna ospatzeko jarduera
Datorren azaroaren 20an, Haurren Munduko Egunean, hausnarketa bat proposatu nahi dugu haurtzaroaren eta nerabezaroaren esanahiari buruz, zerk kezkatzen gaituena, zer gehien baloratzen duguna, ikasgeletatik zer aldarrikatu nahi duguna... Bat egingo duzu?